XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KOSTALDEKO BERRI

BERRIZ IDEKI DIRA...

Hemen berean, joanden astean, erraiten ginuen Donibane Lohizuneko hotel eder bat, Chantaco izenekoa, zerratua zagola.

Berriz ideki da haatik, hotela bera segurik, jatetxea geroxago idekiko.

Duela zenbait urte, japones batzuek erosia zuten etxe hori, aintzineko jabea guti aski partzuer geldituz.

Japones horiek dute orai beren partea saldu.

Nor izan den erosle, ez dute garbiki erraiten.

Ba omen dira zenbait partzuer, horietan barne deputatu ohi bat, Miarritzeko auzapez ere izana...

Baionan aldiz, Grand-Hôtel delakoa zagon zerraturik, bainan herriko etxearen manuz, obra batzu akulatu eskasean, segurtasun neurrien aldetik bazela zerbait falta, eta zerbait baino gehiago ere...

Berriz idekitzeko baimena ukan dute, obra zenbait presaka eginik eta hitzemanez gaineratikoak laster eginen dituztela...

BAZTERRAK KEXU TARNOSEN

Turboméca aireko-lantegietan ere lana xuhurtu da eta aintzina xuhurtzen ari naski.

Nagusiak jakinarazi du aise langile gutiagorekin behar direla itzulikatu.

Orotarat, 650 lanpostu gutiago.

Turboméca etxeak hiru lantegi badauzka, batto Tarnosen, beste bat Paueko aldean eta hirugarrena Frantzia behere hortan.

Zenbatetaraino hunkitua izanen ote da Tarnose ?

Xuxen ez dakite oraino.

Dakitena da parrasta bat izanen dela lana galduko duena.

Bazterrak kexu dira eta minbera.

Herriko hautetsiek ere hasarre, gobernuaren falta dela salatuz, gobernuak lan gehiago emaiten ahal lukeela Turboméca-ri...

Ortzegun huntan, manifestaldi bat muntatua da Baionan.

ZER JITEN AHAL DEN GOGORAT !

Miarritzen, Pariseko alde hortarik etorri mutiko gazte batek bazterrak airean ezarri ditu, zernahi sos xahutuz, berak pilik ez zuelarik, dena ele eder erabiliz, baizik eta loto delakoan dirualde ikaragarria bazuela irabazia !

Zenbait egunen buruan dira ohartu denak gezurrak zituela !

Arte hortan bi miliun xaharren heina bazuen gozatua !

Arrastatua izan da, Baionako auzitegirat eramana eta segidan jujatua.

Hiru hilabeteren presondegia bildu du, barkarik gabe...

ITSAS-BEGIA BRETANIAN

Gero eta ezagutuagoa da Itsas-Begia deitu elkartea, itsas ondarearen onetan deraman sailaren gatik.

Egun hotan elkarte hortako batzu Bretanian dira, Brest portuan, han baitira besta batzu gaitzak mariñel eta arrantzaleen ohoretan.

Han dira Brokoa txalupa handiarekin, untzi horren erakusteko lehengo beste zernahi untziren artean.

Han ere Euskal Herriko arrantzaleen historiaz muntatua duten erakusketa guziz ederra denen aintzinean agertzea gatik.

Badute zinez mereximendu, holako lan baliosa beren gain hartua baitute eta molde gaitzean akulatzen...

GERTAKARI GUZIZ HITSA

Jean-Gabriel Bedat, 60 urte, erakasle ohia, erretretan jarri berria, bakarrik bizi zen Miarritzen.

Bat-batean faltatu da.

Aste baten buruen, iloba batek abisatu ditu su-hiltzaleak eta poliza, ezin konprenitua zela gizon hori hola desagertzea, bere familiako nehori deusik erran gabe.

Etxeko atea bortxatu dute.

Barnean, puska guziak itzulipurdikatuak ziren.

Batzu, baliosenak gainerat, falta !

Itxura guzien arabera norbaitek ebatsiak !

Barne batean ageri norbaitek odola bazuela galdua...

Ikerketa batzu segidan akulaturik, kaxketadunek bi mutiko gazte arrastatu dituzte eta preso ezarri, heiek zutela joa eta hila delako gizona.

Nunbaiteko bitxikeria, erakasle ohiaren gorputza Donostiako aldean dute atxeman, mugaz haindian beraz, itsuski funditua, erdi errea...

LEON MUGICA OHORATUA

Ziburun sortua, gazte-gaztetik arrantzale plantatua, Leon Mugica luzaz izana da itsas-gizon eta arrantzale elkarte askoren kudeatzaile guziz suharra.

Erretretan jarriz geroz ere ez dago segurki alfer !

Mérite maritime delakoaren grado handieneko saria emana izan zaio Donibane Lohizuneko herriko etxean.

Arrantzaleak taldeko kantariak han ziren, Xanpun eta Ezponda bertsulariak ere ba...